BETIKOA (Jasone Osoro)


Asteburuan, kirolari buruzko irratsaio baten iragarkia ikusi dut egunkari batean. Bi orrialde hartzen zituen anuntzioak eta alderik alde agertzen ziren irratsaioa osatzen duten pertsonak. 14 gizonezko. Hamalau, bai. Asko seguru ez zirela harritu irudia ikusita. Ziur naiz irakurle gehienek pertsona horien aurpegia begiratuko zutela, izenei erreparatuko ziela eta kitto. Eta alderantziz balitz? Demagun erretratuko 14 pertsonak 14 emakumezko direla. Kasu horretan guztiok, salbuespenik gabe, harritu egingo ginateke. Arraroa izango zelako. Ez ohikoa. Oraindik ere emakumeak argazkietan ikusteak atentzioa ematen duelako. Emakumeak komunikabideetan agertzen direnean heziketaz, edo kulturaz edo seme-alabez hitz egiteko izaten da. Garbigarriren bat iragartzeko, auto bat edo beste eta, nola ez, edertzeko eta gaztetzeko produktuak. Eta ez, ez da betikoa, ez dira topikoak, ez. Eta ez nazala inork histeriko deitu ze, bai, entzun behar izan ditut horrelako komentarioak emakume bezala erasotua sentitu eta nire burua defendatu behar izan dudanean.
Emakumeon iraultza ez da instituzioetan berdintasun teknikariak jartzea soilik. Ez eta politikoki zuzenak diren hitzak esatea ere. Nik ekintzak ikusi nahi ditut. Eta gustatuko litzaidake etorkizun hurbileko gizarte batean, egunkarien azalak emakumez josita egongo balira, zer eta politikan, zinean, medikuntzan, kirolean edo ikerketan albiste izan direlako. Eta, batez ere, gustatuko litzaidake nire alabak argazki horiek ikusita harrituko ez balira. Emakumearen gainetik pertsonak ikusteko gai izango balira.