Azkoitia eta Azpeitia edo Urazbetia eta Urazgoitia
Euskal Herrian arrunta da herriek jatorrizko izena galtzea hiri bihurtzean erregeak saiatzen zirelako izen dotoreago ematen, hor ditugu, esaterako, Gasteiz edo Arrasate. Loiola inguruan dauden herri bi hauei ere antzeko zerbait gertatu zitzaien, baina ez berdina, erregeak emandakoez gain, euskarazko izen bat baino gehiago izan baitute. Azpeitia hiri bihurtzean Garmendia (de Iraurgi) izena hartu zuen, baina urte bat beranduago Salvatierra (de Iraurgi) izena aldatu zion erregeak, hurrengo mendean, ordea, badakigu arrunta zela egungo Azpeitia. Hiru izen hauek gutxi balira Garibaik Urazbetia (ibaiaren beheko aldea) izena gaineratu zuen. Gorago dagoen Azkoitiarekin ere halako zerbait gertatu zen. Sortzean San Martin de Aezkoitia de Iraurgi izena hartu bazuen ere berehala aldatu eta Miranda de Iraurgi bataiatu zuen erregeak. Aurrekoan bezala hemen ere beste izen bat eman zigun Garibaik, Urazgoitia (ibaiaren goiko aldea). Hala ere, ikusi dugun bezala ez Salvatierrak ez Mirandak ez zuten eraginik izan eta Azpeitia eta Azkoitia nagusitu ziren. Etimoari dagokionez erabateko adostasuna dagoela esan behar da. Izenetan dugun «haitz» hori Izarraitz izango litzateke eta goitia edo beitia errekan gorago edo beherago egoteagatik.
Ataun
Gipuzkoako herririk luzeena bide da Ataun baina ez da horregatik ezaguna Euskal Herrian, Barandiaran eta mitologiarengatik baizik. Haran hau estrategikoa izan zen Erdi Aroan eta horren adibide dugu Jentilbaratzeko gaztelua Nafarroako erregeak mugak babesteko sortua eta XIV mendean desegin zutena. J. C. Barojak izen hau eta Atano lotu zituen eta Gipuzkoan toponimian ageri den -ano atzizkia -aun bihurtu zela proposatu, baina ez dirudi honetan asmatu zuenik Etxano-Etxaun kasuan bezala beste batzuk direlako etimoak (-no txikigarria dago Atano eta Etxano izenetan). Mitxelenak Barojaren iritzia baztertu zuen eta ate+un(e) «atearen lekua» dugula dio. Esangura hau bat dator kokapenarekin haran hau Sakana eta Oria ibaiaren arteko lotura delako, Aralar eta Altzania artean. Izenaren lehenengo aipua 1200 urtekoa da, baina kopien bidez heldu denez bi era desberdinean heldu zaigu Athavit edo egungo izenarekin bat datorren Athagun. Ate hori zehatz-mehatz jakiterik ez badago ere, San Gregorio bera izan daitekeela pentsa genezake gune horri Arratekale esaten baitzaio Arrate baita bertako pasabide hestua.
Itsasondo, Itsasu, Itsaso eta itsasoa
Gipuzkoan bi herri ditugu itsaso izena dutenak batak udala bakarra osatzen du Ezkiorekin batera, Itsaso huts-hutsean, eta bestea, Itsasondo, Ordiziako mugan dago. Ez dira bakarrak, Lapurdin Ezpeleta ondoan Nafarroa Behereko mugan Itsasu dugu eta Nafarroan ere, Basaburuan, badugu beste Itsaso bat, Arakil ondoko Itsasperri ahantzi gabe. Izen deigarria izan da eta jende askok itsasoarekin lotu izan du, nahiz eta aipatutako herri guzti horiek lehorrean egon. Arturo Campion konturatu zen ezinezkoa zela itsaso izatea eta ondorioz itsaso hitzak antzina aintzira edo laku esanahi zuela proposatu zuen. Harrigarria bada ere itsaso hau ibai izenaren sinonimoa dela esan duena ere izan da. Baina leku guzti hauen esanahia argiagoa da itsas landarea dela gogora-tzen badugu (Genista sp, gaztelaniaz retama). Landare hau gaur egun sarri landatzen da autobideen ertzetan eta ikusgarria da oteen antzerako lore horiengatik. Leku batzuetan erratza ere dei-tzen zaio antzinako erabileraren lekuko. Izenaren bigarren osagaia ugaritasuna adierazten duen -so atzizkia dugu. Itsasondo herri izenaren kasuan Itsasaga jauregia dugu eta pentsatzekoa da etxe horrekin dagoela loturik, Itsas(aga)ondo eta funtsean dela. Nafarroako Itsasperri izenean berri adjektiboa dugu.
Urumea eta Urola
Gipuzkoako izen bi horietan, Urbasan jaiotzen den Urederra ibaiaren kasuan bezala ur- osagaia dugu, toponimian arrunta baita ura agertzea ibaia edo erreka esanahiarekin. Beraz, Ibaimea, Ibaiola eta Ibaiederra moduan ulertu behar ditugu izen hauek. Urumea Goizuetan jaiotzen da eta izenean dugun mehe hori jaiotze aldeari dagokiola pentsatu behar dugu, itsasoratzen den lekuan ez baita hain txikia. Handitasun horren lekuko dugu XVIII. mendean Oriarekin batzeko egon zen asmoa, itsasontziak Donostiatik Tolosara joan ahal izateko. Esanahia gardena bada ere garai batean «oro sutil» moduan itzuli zen ibai horretan urrea zegoelakoan. Urola, berriz Azkorrin jaio-tzen da eta jaiotze puntutik bertatik izenaren osagaia den ola hitzarekin dago loturik Brinkolako Olalde auzoan Olazar eta Barrendiola etxeen ondoan hasten baita Mirandaolatik igaro eta gero Legazpin sartzeko. Kasu honetan ola hitzak ez du kortabasoa adiera, burdina lantzeko edo urtzeko lantegiaren baizik.
Gatzaga, Getze eta Gesaltza
Antzinatean oso garrantzitsua zen gatza janaria ez galtzeko bide bakarra zelako. Gaur egun erraz ekartzen da trenez edo kamioiez baina antzina mandoz eta gurdiz garraiatu behar zenez oso prezio handiko elikagaia zen. Egoera honen lekuko ditugu gatzaren inguruan egon diren matxinadak, besteak beste. Euskal Herrian badira gatza biltzen zuten herri asko eta deigarria da hiru izen agertzea. Arruntena gatzaga da eta horrela deitzen da Gipuzkoakoa, baina Nafarroan badira Getze izeneko bi, bata Galar zendean eta bestea Ibargoitin. Azkenik Añanan badugu hirugarren bat, Gesaltza. Azken honen historia luzea da. Izenaren osagaiak gesal (ur gazia eta -tza ugaritasun atzizkia dira eta toponimo moduan dugu Oñatin. Baina Gesaltza izena erabiltzea Añanako Salinas izendatzeko Gatzaga-ren ordez historia luzea da. 1032an Errioxako San Millan monasterioan egin zen Arabako herrien zerrendan Añana inguruan Gersalzaha izenekoa ageri da eta esanahia ikusita Salinas bera zela pentsatu izan zen. Gaur egun badakigu herri hori desagertu zela baina handik hurbil, Izarran bada Gesaltza deituriko lekua.
Leintz eta Markina: Debagoiena eta Debabarrena
Gipuzkoako edozein euskaldunek ongi daki Debarroan ez dela, ibaiaren ahoan dagoen Deban izan ezik, tradizionalki gipuzkera deitu izan den euskalkia erabiltzen, baina jende gutxik daki atzean dagoen historia luzea. Haran luze hori Gipuzkoa izan baino lehenago, bitan banatzen zen, Markina eta Leintz. Banaketa hori, gutxi gora behera gaur egungo Debabarrena eta Debagoienarekin bat zetorren, baina ez erabat berdin. Markina eskualdean Bizkaiko Markina-Xemein eta Etxebarria ere sartu behar dira, Soraluze, Eibar, Elgoibar eta Mendarorekin batera. Gogoratu behar dugu Elgoibar sortzean Villamayor de Marquina izan zela. Bergaratik gora Leintz zen. Banaketa zahar honen lekuko dugu elizaren banaketa. Gipuzkoako elizbarrutia sortu zen arte Debarroko herri guztiak, Mutrikuko portua eta Deba izan ezik, Calahorrakoak ziren, ez Iruñekoak Gipuzkoako gainerako guztiak bezala. Debabarrenekoak Elgoibarko bikarian, Durangoko artziprestazgoko barrutian, eta Debagoinekoak Leinzko artziprestazgoan, Aramaio barne. Leintz haran zaharraren azken aztarna Eskoriatzak eta Aratxabalatak osatu zuten Leintz Errege Harana izan zen.
esaldiak: Bidásora bota zuten; Bidásotik atera zuten; Bidásoko izokinak, etab. Horretaz gain, kontuan izatekoa da, herritar izena edo 'jentilizioa' deitzen dena, azken -a hori gabekoa dela, hots, bidasotarra, eta ez *bidasoarra.
Hortaz, erabat baztertzekoak dira azkenaldi honetan, bai idatziz bai ahoz, hedatzen ari diren gisa honetako esaldiak: *Bidasoako trenbide zaharra; *Bidasoaraino iritsi ziren; *Bidasoatik pasatu ziren; Baztan-*Bidasoako ingurua; *Bidasoako hitza... Horien ordez bertze hauek erabili behar dira: Bidasoko trenbide zaharra, Bidasoraino iritsi ziren, Bidasotik pasatu ziren, Baztan-Bidasoko ingurua, Bidasoko hitza...
Koldo Mitxelenak esan zuen Ataun zera zela, ate+un(e), «atearen lekua». 'Itsas', berriz, landare baten izena da (gaztelaniazko 'retama'), eta hortik Itsasondo eta Itsaso.
Onomastika Batzordeak egindako testuak dira hauek.
ITURRIA: DIARIO VASCO, 2011-08-26