Euskararen Aholku Batzordeko Terminologia Batzordeak onartutako 14 hiztegi terminologiko argitaratu berri ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Bestetik, berriz, Euskalterm Terminologia Banku Publikoa interfazez eta funtzionaltasun berriekin osatu du. Bi horien aurkezpen ekitaldia egin zuten gaur Bilboko Euskalduna Jauregian Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzezleek gidatuta. Bertan izan ziren Blanca Ugell Kultura sailburua, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Encar Echazarra IVAPeko zuzendaria, euskararen alorreko 100 lagun ingururekin batera.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendiren esanetan argitalpen horiekin, erabiltzaileen esku jarri dituzte orain arte Terminologia Batzordeak onartu eta gomendatzen dituen terminoak: «Hiztegi hauei nahiz 2010aren bukaeran eta 2009an argitaratutako hiztegiei esker, esan dezakegu, esparru sozio-ekonomikoko beharrei erantzuteko Batzordeak jarritako helburua, neurri handi batean, bete dela, nahiz eta eremu hori jorratzen jarraitu beharko den». Hiztegiak honako alorrei dagozkie: hipermerkatuetako produktuak; kirol-materiala; merkataritza-guneetako errotuluak; bulego-materiala; oinetakoak; iturgintza; lanbideak; norbere irudia; ile-apaindegiak eta estetika; irudia, ikus-entzunezkoak eta soinua; bulegotika; toki administrazioak; datu babesa eta laburtzapenak.
Bestetik, berriz, EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoa etengabe elikatzen eta zabaltzen ari da. Terminologia-lanaren plangintzaren helburuak bete ahal izateko, ezinbestekoa izan da EUSKALTERMen interfazea eta funtzionaltasunak aldatzea eta berritzea. Hori dela eta, EUSKALTERMen bertsio berria erabiltzaile guztien eskura jarri da eta www.euskadi.net/euskalterm helbidean kontsulta daiteke.
ITURRIA: DIARIO VASCO, 2011ko maiatzaren 31