SAREKO EUSKAL GRAMATIKA: BALIABIDE-ITURRI, IA AGORREZINA


EHUko Euskara Institutuak badu asmoa zenbait lan interesgarriri ekiteko hurrengo hilabete eta urteetan. Proiektu erraldoi bat du esku artean, Patxi Goenaga, Pello Salaburu eta Ibon Sarasolaren ardurapean», idatzi zuen 2008an Pello Salaburu hizkuntzalari eta euskaltzainak honezkero gauzatutzat jo daitekeen egitasmoa aurkeztean.

Bi hanka zituela zioen -«beregainak, baina elkarrekin lotuak»- eta hala ditu: egungo euskararen hiztegia eta gramatika. Horiez gain, haatik, gorputz-adar gehiago antzematen zaizkio SEG-ren egungo bertsioari. 'Gramatika' atala da proiekuaren bizkarrezurra, eta horretan txertatzen dira 'hiztegia' eta 'morfosintaxia' hanka nagusiak. Eta, horien ondoan, beste gai batzuei emandako atalak: euskara eta gizakia, euskara eta gizartea, hizkuntzalaritza aplikatua, fonetika eta fonologia, euskararen historia... Argi dago proiektu honetan mamiak duela garrantzia, ez itxurak, are gutxiago itxurakeriak. Hori dela eta, soila da irudiaren aldetik eta joria edukiei dagokienez, erabilgarritasuna bermatuz betiere.

Gainbegiratu bat ez da nahikoa SEG-en edukiez jabetzeko. Hain zuzen ere, atariko gisara duen orriaren ezkerraldeko zutabeko esteka bakoitza hainbat karpetatxotan hedatzen baitan, eta horietako bakoitza beste horrenbestetan, aukera-jauzi ia agorrezin moduko bat sortuz... Badira bereziki espezialistek edo profesionalek baliatuko dituzten edukiak, baina erabiltzaile arruntak ere etekin handia aterako dio guneari horretan barrena mugitzen ikasteko tartetxo bat hartzen badu. Batetik, hiztegi-sorta ederra du aukeran, besteak beste Hiztegi Batua Euskal Prosan; Egungo Euskararen Hiztegia; Zehazki gaztelania-euskara hiztegia... Ez horiek ezta hiztegintzarekin zerikusia duten beste errekurtso batzuk ez direnez hiztegi arruntak, «hiztegi hau probetxuz erabiltzeko oharrak» ataltxoak adierazten duena egiteko balio du: hiztegi horiek guztiek eskaintzen dituzten aukerak denbora alferrik galdu gabe eta behar bezala ustiatzeko. Bete-betean gramatikari dagozkion ataletan ere badira erabiltzaile arruntari arrotz egingo zaizkion atalak, baina arreta apur bat jartzen badu asko ikasiko du euskarari buruz, eta ez bakarrik horren erabilera zuzenari buruzko kontuetan. Bada atal bat bereziki praktikoa erabiltzaile arruntarentzat: Zalantzen Txokoa. Izenaren, aditzaren eta sintaxiaren inguruko zalantza zabalduenak aurkituko ditu hor, baita behar dituen argibideak ere.

Salaburuk berak azaldu bezala, «gramatika bukatu gabe dago, horretaz ere konturatuko zara, batzuetan edukirik gabeko izenburuak aurkituko baitituzu. Ondoko hilabeteetan, ondoko urteetan, gai gehiago sartzen segituko dugu, landu ahala. Ez du esan nahi informazio gutxi dagoela. Asko dago, baina Interneteko lanabes hauek ez dute mugarik jartzen, eta beti sar daitezke gauza berriak».


ITURRIA: DIARIO VASCO, 2001ko apirilaren 1