
UPV/EHUko Euskara Institutuak prestatutako Sareko Euskal Gramatika denon eskura dago jadanik, http://www.ehu.es/seg/init.html helbidean. Pello Salaburu euskaltzaina buru duen Institutuak orain hiru urte iragarri zuen proiektua gauzatu da, eta atzo aurkeztu zen Bilbon, UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia eta Salaburu bera ez ezik, Isabel Celaá eta Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburuordeak eta ekimena aurrera ateratzen lagundu duten Lagun Aro eta Aurten Bai fundazioko ordezkariak tarteko zirela.
Sareko Euskal Gramatikak bi berezitasun nabarmen ditu. Alde batetik, internetekoa da, beraz ez du gramatika arruntek duten itxura. Gramatika batean agertzen ez diren hainbeste lanabes erabiltzen da sarean: testuak, argazkiak, irudiak, barneko eta kanpoko estekak (hizkuntza desberdinetan)... Lanabes horiek guztiak ageri dira SEGen.
Bestetik, gaien aldetik ere, gramatika bat baino gehiago da eta ageri ez diren hainbeste gai ikusten dira SEGen. Batetik, gramatika bat egiteko gramatikariek erabiltzen dituzten materialak bere horretan ematen dira: testuak, hiztegiak, hitzen erabilerak, euskalkien berriak... Horiek guztiak modu autonomoan kontsulta daitezke. Gramatika batean ageri ez diren gaiak ere ikus daitezke hizkuntzaren jabekuntza, prozesamendua, fonetika eta fonologia, hizkuntzalaritza aplikatua, hizkuntzen arteko kalkoak, zalantzak argitzeko tokiak, eta abar.
Proiektua dinamikoa eta bizia denez, atal denek ez dute garapen bera, hurrengo urteetan materiala sartzen joango baita. Hala ere, unibertsitateko espezialista nagusien esku-hartzea izan duen lan hau izugarri lagungarria da euskararen erabiltzaile ororentzat, baita euskarari buruzko gehiago jakin nahi duenarentzat ere.
ITURRIA: DIARIO VASCO, 2001 martxoaren 31