BIOINFORMATIKAKO BEREZKO MASTER BERRIA UPV/EHU-N


Berriki UPV/EHUk Bioinformatics and Omics Nazioarteko Berezko Master berria onartu du. Graduondokoa Biozientzietan tituludunei zuzenduta dago eta helburua ikertzaile eta profesionalak hezi eta trebatzea da, sekuentziazio teknologia berriek planteaturiko erronka berriei aurre egin eta konponbidea emateko. Masterra 2016/2017 ikasturtean emango da ingelesez eta aurretiko izen-ematea zabalik egongo da abuztuaren 20a arte.

Bioinformatika, hain zuzen ere, teknologia konputazionalak datu biologikoak kudeatzeko eta aztertzeko baliatzean datza, eta tresna matematikoak erabiltzen dira sortutako datuetatik informazio baliagarria eskuratzeko; genomaren sekuentziazioa, esaterako. Bioinformatika, beraz, oso garrantzitsua da; izan ere, genomaren informazioa antolatzea eta aztertzea lan oso nekeza da, eta ingeniaritza eta garapen zientifikoak behar dira. Gainera, bioinformatika oso erakargarria da ikertzaile gazteenentzat, biologia ulertzeko beste modu bat ematen baitie.

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genomic Resources ikerketa taldeak antolatu du masterra eta Biologia, Estatistika eta Informatika arloen arteko bidegurutzean suertatu den profesionalen eskaerari erantzuten dio. Bioinformatics and Omics-ek ikasleek datu genomiko kopuru handia aztertu eta emaitzak interpretatzeko beharrezko ezagutzak informatikoak eskuratzea nahi du. Ikasturtea amaitzean, ikasleak kapaz izango dira garrantzi biologikoko ondorioak ateratzeko, biomedikuntza, bioteknologia edo bioaniztasuna bezalako diziplinetan aplikatu ahal izango direnak.

Lehen lauhilekoa (30 ECTS) Bordeaux-eko unibertsitatean emango da. Bertan, ikasleek bioinformatikako oinarrizko gaitasunak eskuratuko dituzte. Bigarren lauhilekoa, aldiz, UPV/EHUn emango da, eta beste 30 ECTS izango ditu (irakaskuntzako 10 ECTS eta Master Amaierako Laneko beste 20). Bigarren zati honetan Bioinformatikako ezagutzak hainbat diziplina omikoetan aplikatuko dira (Metagenomika, Transkriptomika, populazioen Genomika, Filogenesiak, Sistemen Analisiak, etab.).

UPV/EHUko Berezko Masterreko ikasleek aukera izango dute Bioinformatikako espezializazioa jarraitzeko Bordeaux-eko unibertsitateko Bioinformatique Master Ofizialeko bigarren ikasturteko 60 ECTS-etan matrikulatuz gero. Era horretan, Bordeaux-eko Nazioarteko Master Ofizialeko titulua ere eskuratuko lukete.
Informazio gehiago, hemen.


ITURRIA: DIARIO VASCO, 2016-07-25