Gazteen Euskal Behatokiak 'Europa Helmuga Gida 2015' argitaratu du, Europa
zabalean bidaiatzeko, ikasteko edo lan egiteko on line baliabide multzo
"ezin osatuagoaren" berri emateko. Mugikortasunerako gidaren
laugarren edizioak 1.000 webgune baino gehiagorako estekak biltzen ditu, Eusko
Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak jakinarazi
duenez.
Gidak ohiko zenbait zalantza argitzen ere laguntzen du, hala
nola zein den Europar Batasuneko herrialde batera bidaiatzeko edo bertan
bizitzeko behar den dokumentazioa, gidabaimenak Europako herrialdeetan balio
duen ala ez, hizkuntzak nola ikas daitezkeen dirurik gastatu gabe, nola egin
behar den beste herrialderen batean balioko duen curriculum, nola kontakta
daitekeen au pair gisa lan egiteko agentzia batekin, edo non gara daitekeen
boluntario laneko esperientziaren bat.
Esan bezala, gidaren bitartez, 1.000tik gora web orrialdetara
jo ahal izango da, eta bertatik bidaia antolatu, hizkuntzak ikasi, beste
herrialde batean lan bat aurkitu, beka bat eskatu, gazteen arteko truke batean
parte hartu, ikasketak baliozkotu edo Europako curriculuma prestatu.
Gidaren gaurkotze lana Antonio Jesús Rodríguez Martínezek
egin du; aurreko edizioak ere atondu zituen berak. Nazioarteko mugikortasunaren
alorrean aholkularia da, eta hainbat urtetatik hona Gazteen Euskal
Behatokiarekin dihardu elkarlanean bai gida hau prestatzen bai gazteriaren
esparruan lan egiten duten profesionalei formazio ikastaroak ematen.
Edizio honetan egileak informazio berri interesgarria
erantsi dio gidari, besteak beste, Gazte Bermearen europar programa, Europako
gaitasunen pasaportea, Erasmus + programaren berrikuntzak hizkuntzak ikasten
laguntzeari eta ekintzailetzari dagokienez, herrialdez herrialdeko titulazioen
homologazioa, italiera edo portugesa bezalako hizkuntzen ziurtagiri, azterketa
eta ikastaroak, hainbat herrialdetan boluntario lanetan diharduten erakundeen
zerrendak, eta askoz gehiago.
Versión en castellano: GUÍA DESTINO EUROPA
ITURRIA: DIARIO VASCO, 2015eko UZTAILAREN 7a