Euskaltzaindiaren webgunearen (www.euskaltzaindia.net)
atal erabilienak sakelako telefonoan eskura izateko, webgunea moldatu du
Akademiak, eta hemendik aurrera, webgunearen bertsio arruntean ez ezik, Hiztegi
Batua, Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) eta Euskal Onomastikaren Datutegia (EOD)
smartphone eta iphone motako telefonoentzako egokitutako moldean ere kontsulta
daitezke.
Gainera, eskuko telefonotik webgune osoa ikusteko ere aukera
ematen da. Lana Euskaltzaindiaren Donostiako ordezkaritzan garatu da,
Akademiaren Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) batzordearen
gidaritzapean.
Aurkezpena gaur egin da, Donostian, Gipuzkoako Foru
Aldundian, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Alazne Gorrotxategi
informatikariak eman dituzte xehetasunak. Akademiaren webgunean egiten den
bezala,www.euskaltzaindia.net helbidea
idatzi beharko da sakelakoan ikusteko.
Horrela ba, hiru arlo nagusi kontsulta daitezke egokitutako
formatuan: Hiztegi Batua, Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskal Onomastikaren
Datutegia. Hilez hil ikusten denez, horiek dira, hain zuzen ere, Euskaltzaindiaren
webgunean gehien bisitatutako edukiak: Hiztegi Batuak 924.355 bisita izan
zituen 2013an; Orotariko Euskal Hiztegiak 508.672; eta Euskal Onomastikaren
Datutegiak 1.139.265. Era berean, webgunearen bertsio arruntera jotzeko aukera
ere ematen da.
Hiztegi Batuak hitzen forma estandarrak biltzen ditu,
"hiztegi ortografikoa" da. Euskaraz idazterakoan sortu izan den
hainbat zalantzari erantzuna ematera dator, hala nola, beste hizkuntza
batzuetan jatorria duten nazioarteko hitzen formak, nazioartekoak izan ez arren
erabilera zabala dutenenak, hainbat herrialdetako biztanleak adierazten
dituzten hitzenak, arazo konplexuagoak izan ditzaketen forma berrienak eta
beste zenbait arazo zituztenak.
Orotariko Euskal Hiztegia obra deskribatzailea da, eta ez
arauemailea, ez normatiboa. Haren xedea garai, toki eta mota guztietako euskal
hitz-ondarea biltzea da. Menderik mende eta euskalkietan zehar euskaldunak
nolako hizkuntzaz baliatu diren ahalik eta osokien eta zehatzen azaltzeko
helburua du hiztegi honek. 2013an,
OEHren hirugarren argitaraldi elektronikoa
aurkeztu zuen Euskaltzaindiak.
Azkenik, Euskal Onomastikaren Datutegian Euskaltzaindiaren
Onomastika batzordearen lanak biltzen dira. Lanok lau multzo nagusitan banatzen
dira: deitura edo abizenak; ponte izenak; leku-izenak, eta honetan era
askotakoak (probintziak, eskualdeak, herriak, mendiak, ibaiak); eta exonimia,
hots, Euskal Herritik kanpoko leku-izenak, eta honetan kontinenteak, estatuak,
munduko hiriburuak, hiriak, herriak eta abar.