WINDOWS 8 ETA OFFICE 2013 TRESNA BERRIAK EUSKARAZ DAUDE JADA

Eusko Jaurlaritzak eta Microsoft konpainiak euskarazko Windows 8 eta Office 2013 tresna berriak aurkeztu dituzte gaur, "Bide berriak urratuz teknologien bidez" izenburupean Bilboko BBK aretoan egindako ekitaldi batean. Lanabes informatiko berriak euskaraz izatea Jaurlaritzaren eta Microsoften arteko bi hamarkadako elkarlanaren ondorioa da.

Ekitaldian parte hartu dute Microsoft Ibericaren Erakundeekiko Harremanetarako gerente Montserrat Pardok eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak. Halaber, Arrasateko Micrisofot Berrikuntza Zentroko Natividad Herrastik lanabes berrien erakusketa praktiko bat egin du.

Microsoft konpainiak Euskadiko ekimen berritzaileen garapenean emandako beste urrats bat da Windows 8 eta Office tresnak euskaratu izana, Informazio Teknologien bidez eleaniztasuna sustatzen jarraitzeko xedea duena.

Horrela, Euskadiko etxeko erabiltzaile, profesional, enpresa eta erakundeek dagoeneko doan deskarga dezakete euskarazko interfaze-paketea eta, horri esker, Microsoften euskarazko bi produktu berritzaileenak erabili ahal izango dira ondorengo esteka hauetan sartuta: www.microsoft.es/eus eta www.euskadi.net/euskara_soft

Alde batetik, Windows 8 tresnak, erabiltzailearen interfaze berria eta hobetua, pertsonalizatzeko eta konektatzeko aukera garrantzitsuak jasotzen ditu, bai eta kalitate handiko aplikazio-gama zabala ere.
Sistema eragilearen harrera oso ona izaten ari da merkatuan, eta horrela, merkaturatu zenetik sei hilabete igaro direnean, mundu guztian 100 milioi lizentzia saldu dira eta Windows 8arekin ziurtatutako 2.400 gailu baino gehiago daude.

Bestalde, Office berriak erabiltzailearen esperientzia hobetzen eta haren produktibitatea hobetzen laguntzen du, bai eta "hodeian" komunikazioko eta lankidetzako ingurua sortzen ere. Lanabes informatiko berriak, Word, Excel, PowerPoint eta OneNote ez ezik, Access, Publisher eta Outlook aplikazioak ere jasotzen ditu. Gainera, Office berria sare sozial guztiekin integratzen da.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikareko sailburuorde Patxi Baztarrikak bere hitzaldian adierazi duenez, Jaurlaritzak garatzen duen hizkuntza politikaren helburu nagusia, euskararen erabilera areagotzea eta sendotzea da, baita IKTetan ere, eta teknologia horiek euskararako baliatzea "oso garrantzitsua" delako.

"Garrantzitsua da, ez teknologia horietan nolabait egotea komenigarria delako, baizik eta nahitaezkoa duelako euskarak teknologia horietaz ere baliatzea. Etengabeko berrikuntzari lotu behar zaio euskara, eta teknologia nagusi duen gizarte honetan berrikuntzaren uretan ibiltzeko nahitaezkoa du euskarak produktu teknologikoez baliatzea. Bai edo bai jakin behar dute euskaraz hitz egiten teknologia horiek", esan du.

Baztarrikak gaineratu du eskola-umeek, lehenengo eskola-urteetan, ordenagailuak eta gailu mugikorrak "naturaltasunez" euskaraz erabiltzen hastea "oso garrantzitsua" dela, "euskara hazten ari baita, baina gehiago hazi behar du, gure gizarte hau gero eta elebidunagoa izan dadin, eta elebitasuna gero eta orekatuagoa izan dadin".

ERABILERA

Bere iritziz, hazkunde horretarako bidaide behar du euskarak Microsoft, eta Microsoft bera ere baliatu ahal izango da euskararen hazkundeaz. "Euskararen osasunarentzat garrantzitsua da tresna teknologikoak hizkuntza horretan izatea, baina garrantzitsuena eta erabakigarriena ez da hori: garrantzitsuena eta erabakigarriena da eskura ditugun tresna eta produktu horiek erabiltzea. Euskarak benetan behar duena erabilia izatea baita. Hiztunak eta erabiltzaileak behar ditu", nabarmendu du.

Ildo horretan, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Microsoft gonbidatu du "aurrerantzean ere" bidaide izaten jarraitzera, eta euskal hiztunak produktu berriak erabiltzera.

Bestalde, Microsoft Ibérica-ko Erakundeekiko Harremanetarako gerente Montserrat Pardok adierazi duenez, Windows 8 eta Office berria "pizgarri bat dira", IKTen bidez eleaniztasuna sustatzeko bidean, konpainiaren helburua baita "pertsona bakoitzak lan egin nahi duen hizkuntza hautatzeko aukera izatea baita".

Bere esanetan, enpresa nagusiak dagoeneko Windows 8 tresnarekin buru-belarri hasi dira lanean hainbat Apps-en bitartez eta, haiei esker, erabiltzaileek era guztietako edukiarekin era arin eta errazean elkarreragin dezakete. Aplikazioen garapenak negozio-aukera handiak emango dizkie Euskadiko ekintzaile, garatzaile eta enpresei.

Ekitaldia Arrasateko Microsoft-en Berrikuntza Zentroko Natividad Herrastik egindako erakusketa praktiko baztekin bukatu da. Windows 8ri buruzko euskarazko zenbait aplikazio eta garapen aurkeztu ditu, bai eta mahai elkarreragile, Kinect eta W8 tabletetan oinarritutako elkarrekintza naturaleko erakusle batzuk ere.


FUENTE: DIARIO VASCO 28 MAYO 2013