1848, New York-etik hurbil dagoen SenecaFalls izeneko herrian, emakume talde bat biltzen da, helburu jakin batekin: emakume guztien eskubide politiko eta zibilak aldarrika-tzen dituzte.
Lehenagotik entzuna eta irakurria zegoen antzeko aldarriren bat, baina beti emakume bakar baten eskutik. Historiagile askorentzat, SenecaFalls-ekoa da gizon eta emakumeon arteko berdintasuna aldarrikatzen duen lehen agiri kolektiboa.
Feminismoaren hastapena da askorentzat, Estatu Batuetako independen-tzia eta Frantziako iraultza gizarte osora zabaldu nahi duen aldarria. Uztailaren 19an bildu ziren emakume haiek eta data hori izan zitekeen Emakumearen egunarena, martxoaren zortziaren ordez.
Aldarte aproposa baduzu, umorea sendo eta autoestimua babestua, begira ezazu zertan ari ginen mundu bazter honetantxe sasoi hartan, 1848ko udan edo noizkoa den emakumeek hemen egindako lehen aldarri kolektiboa. Bestela, begiratu zertan dagoen eskubide berdintasuna hemen eta Estatu Batuetan, saltoa ez baitzaizu hain zorabiagarria izango.
Edozein azterketa egiten duzula ere, emaitza bat aterako zaizu ezinbestean: berdintasuna orain baino urrutiago zegoela SenecaFalls-ekoa gertatu zen garaian, baina oraindik ere bide asko dagoela egiteko. Kalkula ezazu, gero, gizarte aldaketa sakonek daramaten abiadura abiapuntutzat hartuta, zenbat falta zaigun benetako berdintasuna lortu arte edo hori zailegi egiten bazaizu, kalkula ezazu zenbat falta zaigun oraintxe bertan ditugun legeek diotena bete arte.
Edo agian hobe duzu kontu horiek etorkizunerako utzi eta besterik gabe martxoaren zortzia ospatzen hasi. Jaio-tzean suertatu zitzaizun sexua edo orain daramazuna edozein dela ere, nekerik gabe aurkituko duzu zer ospatu. Nork bere gustura eta ahalmenaren arabera antolatzen ditu festak, baina, aholku edo gomendio bat proposatzeko baimena ematen badidazu, esango dizut gordetzeko egun horretan minutu bat bidea zabaldu zigutenei eskerrak emateko, SenecaFallsen edo gure herri edo auzoetako batetan beste batzuk egindakoari esker heldu garelako gauden puntura.
Eta gizon eta emakumeon arteko berdintasunaren inguruan ezer ospatu nahi ez baduzu, lasai, egun gutxiren buruan pasako baita martxoaren zortziak dakarren zaparrada eta hortik aurrera errazago egingo baitzaizu zure horretan jarraitzea, besteen aldarrien aurrean entzungorrarena egitea.
FUENTE: DIARIO VASCO, 2010-03-05