Argi gera bedi hasieratik, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari dagokionez, ez dela sekula santan, mundu bazter honetan, garai hobeagorik izan. Hori da nire iritzia eta iruditzen zait aski dela atzera begiratzea hori horrela dela frogatzeko.
Halere, berdintasuna zerumuga urruna da guretzat, batzuentzat helbide desiratua eta beste batzuentzat beldurra eragiten duen helmuga. Dena den, urruna, bai, baina ez eskura ezina.
Aurrerapausoa ez da, ordea, berez gertatu, ez du naturak sortu, ez da bilakaeraren fruitu. Orain egiten ari garen bidea beste batzuk zabaldu zuten eta haien aurretik beste batzuk urratu zuten lehen aldiz. Mugimendu hauen historia landu duen askok bi aro, bi uhin bereizten dute.
Lehenengoa, hemeretzigarren mendearen bukaeran eta hogeigarrenaren hasieran gauzatu zen. Helburu nagusia botoa emateko eskubidea zuen eta horregatik deitu izan zaio sufragismoa. Bigarrena joan den mendearen hirurogeitan sortu zuten eta bertan aldarrikatutako eskubideak lehengo uhinekoak baino anitzagoak izan ziren. Lortua zen botoa emateko eskubidea leku askotan eta emakumeek beste eskubide batzuen alde egin zuten, batik bat eguneroko bizitzarekin zerikusia zuten eskubideen alde.
Bi momentu zehatz horietan, gure eskerrik beroenak eta gure omenaldiak merezi dituzten emakume batzuk olatua sortuko zuen harria bota zuten uretara . Lehenengo olatua lehorrera heltzen ari zela jaurti zuten beste batzuk uretara oraindik gure bizitzetan oihartzuna duen harkaitza.
Heldu da, seguru aski, hirugarren uhina eragiteko momentua, baina horretarako prest leudekeen emakumeak behar dira eta, ahal dela, berdintasuna helburu duten gizonezkoen laguntza ere bai. Historiak erakusten digu bi uhin horiek sortu zituzten batzuek larrutik ordaindu behar izan zutela ausardia eta agian horrek beldurren bat sortzen digu, agian nahiago genuke beste batzuk aurretik izatea.
Ausardia apur bat behar dugu. Gaur egun legeak zilegitzen duen eskubide asko ez da errealitatean gauzatzen. Horietako asko ez inork debekatzen digulako, ausartzen ez garelako baizik, besteen balizko aurpegi maltzurrek atzera egiten digutelako. Eta ez bakarrik gizonezkoan keinu gaiztoek, zoritxarrez.
Edo, agian, eragin bera izan dezakete batera jaurtikitako milaka harri koskorrek, nork bere lehentasunen arabera jendartearen uretara botatakoak.
ITURRIA: DIARIO VASCO, 2011-11-28