
Dudarik gabe, bizitzaren arauetako bat aldakortasuna da. Edozein pertsonak, edozein mendetan esan zezakeen gauzak asko aldatu zirela bere bizitzaren epean. Momentu honetan, ordea, aldakortasun horrek sekulako abiada hartu du, seguru aski historia guztian ezagutu den abiadurarik handienetakoa.
Hain arin ari zaizkigu aldatzen gauzak edozein esparrutan, sarritan ez garela begi bistan gertatzen ari dena ikusteko gauza. Kamera geldia erabili beharko genuke gizartearen atal asko aztertzeko orduan eta batzuetan fotogramaz fotograma ere ikusi beharko genuke bizitza, urratsez urrats.
Datozen festak dira hori guztia argitzen duen adibide aproposa. Lehengo egunean irakurri nion historiagile sinesgarri bati erregetan haurrei jostailuak oparitzeko ohitura bigarren mundu gerla eta gero zabaldu zela. Horrek esan nahi du sasoi hartan ume ginenok aitona-amona izateko zorian gauden honetan denetik ikusi dugula, erregeek ekarritako jostailu apurrak eta Olentzerok ekartzen omen dituen opari oparoak, edo beste bitartekari ba-tzuen algarak.
Etxekoandre huts diren emakumeek osatzen dute aldakortasunaren beste adibide argi bat. Maioria ziren gure artean duela mende erdi bat, gaur gutxiengo dira eta belaunaldi gutxiren buruan salbuespen izango dira. Norabide horretan bultzatzen du ideologiak eta are bortizkiago zorioneko hipotekak.
Hezkuntzaren esparrua da beste aldaketa sakon baten gertalekua. Mende eskas batetan emakumeok eskolagabetasunetik unibertsitaterako bidea egin dugu. Are gehiago, epe horretan unibertsitatearen arloan salbuespen izatetik maioria izatera pasa gara, ia ikasketa guztietan. Gizon gazte asko ikasketak baztertu eta dirua irabaztera eman den bitartean, emakume gazteek ikasketen bidea hartu dute.
Gizon gaztea banintz, kuotak aldarrikatuko nituzke behin betiko, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren izenean. Gauzak doazen bezala jarraitzen badute hainbat esparrutan, hori izango delako gizonen partaidetza bermatuko duen sistema bakarra.
Lastima nire belaunaldikoei ez digula hori ikusteko denbora emango, baina zorte okerragoa izan zuten gure aurrekoak. Gutako batzuentzat berdintasuna egitasmo urrun baina eskuragarria da. Haien-tzat amets hutsa, zerumuga iritsiezina. Eta halere, zirelako gara, garelako izango dira. Ziztu bizian aldatzen da bizitza garai hauetan, baina benetako aldaketa sakonak mantso gertatzen dira.
Iturria: DIARIO VASCO,2010-abendua-20