Liburu berri bat irakurtzen hastea eta pertsona bat estreinakoz ezagutzea oso gauza antzekoak dira. Eta pena da bizitza hain laburra izatea munduan idazten eta jaiotzen diren liburu eta pertsona interesgarri guztiak irakurri eta ezagutzeko. Pertsonak badatoz eta badoaz, kasualitatez agertzen dira bizitzan. Liburuak, aldiz, zuk aukeratzen dituzu. Nik, liburu-dendan sartzean, azaleko irudiaren eta izenburuaren araberako hautua egiten dut hasieran. Hortik aurrera ezin antzeman zer bilduko duen bere baitan liburuak.
Horregatik da hain ederra liburu bat irakurtzen hastea. Lehen esaldiak liluratu ahal zaitu. Edo hotz utzi. Pertsonekin bezala, batzuetan kosta egiten da aurrera egitea. Jendearekin ere, gerta daiteke ezagutu berritan ezer berezirik ez sentitzea baina gero, denbora pasa ahala, are eta gehiago sakontzeko beharra eta gogoa sentitzea. Liburuekin bezalatsu. Baliteke hasiera-hasieratik lerro artean orduak eta orduak pasatzeko grina izatea. Baliteke, gertatzen da, lehen kapitulura nekez iristea baina, halere, aurrera egin eta ohartu orduko amaierara iristea. Eta batzuetan, hasi orduko ohartzen zara harreman horrek ez zaituela inora eramango, ez liburuak ez eta pertsonak ere.
Gehienetan ederra da ibilbidea. Plazerez betea. Gozagarria. Aberasgarria. Eta batzuetan, apurka apurka, hitzez hitz ezagutu duzun istorio edo pertsona hori zure bizitzako bidaia-lagun izateko aukeratzen duzu. Eta hortxe hasten da ezagutu berritan imajinatu ere egiten ez zenuen abentura berria.
Ea opor hauetan zenbat bidaia-lagun berri ezagutzen ditudan.
ITURRIA: DIARIO VASCO, 2011-08-17