Bilbo
Bizkaiko hiriburuaren izena beti izan da eztabaidagunea, etimoa dela edo euskal erabilera dela. Inoiz idatzi izan da, eta Internet-en oraingoz irakur daiteke, Bello Vado esan nahi zuela. Hau zen-tzugabekeria, euskaraz zein erdaraz, da eta Bartzelona eta Bart-ze-lo-ona etimoaren mailan dago. Bi etimologia nagusi ditugu, nahiz biak puntu batzuetan ados egon. Alfonso Irigoienen ustez bilbatu hitzarekin lotu behar genuen, baina hitz horren adiera 'trama' ez da erraz ezkontzen toponimoarekin. Ohikoenak bilb- hasiera hori biribil hitzarekin lotzen du, eta hau Miribila izenarekin. Etimo guztiak bat datoz amaieran Askao eta Lasao toponimoetan dugun -aho hitza ikustean. Toponimian ahoa da erreka ibaian elkartzen den lekua. Azkenik gogoratu behar da Bilbao euskal hi-tza izan arren Bilbo dela euskaraz erabili behar dena, ez baitugu gaztelaniaz Cesaraugusta esaten Zaragoza baizik.
Zaldibia eta Zaldibar
Oso antzekoak diren izen bi daude Gipuzkoa eta Bizkaian eta itxuraz esanahi erraza dute bietan zaldi hitza baitugu. Areago, herri bi hauen armarriari begiratzen badiogu zaldiak ikusiko ditugu, bi Zaldibiakoan eta bakarra, zuhaitz baten azpian, Zaldibarkoan. Hortik datorkie ote izena? Badirudi ezetz. Bizkaiko kasuan badakigu Zaldua zela izena XX. menderarte eta, beraz, esanahiak ez duela zaldiarekin inolako harremanik. Zaldu hitza ez da gaur egun erabiltzen, baina gaztelaniazko soto hitza bezala, latineko saltus hitzetik hartu genuen euskaldunok eta ibaien ondoan izaten diren basoak izendatzeko erabili izan da, gaur egun ibarbasoa deitzen dena. Gipuzkoakoan ere, kantuak zioen bezala, ez dugu abererik, zalduko ibia edo pasalekua baizik. Ibi hitza, Hondarribian dugun berbera, ez da gaur egun asko erabiltzen zubiek ordezkatu baitzituzten errekak zeharkatzeko pasaleku hauek. Herri bi hauetan zaldu hitzak bere esanahia galdu zuenean jendea, herri-etimologia dela medio, saiatu zen azaltzen eta hortik armarrietako zaldiak. Azkenik, ohar bat egin behar da Zaldibia izenaz. Etimologiari so egiten badiogu amaierako -a artikulua da, baina esanahia galtzean izenaren zati bihurtu zen eta hori dela eta bertako semea zen Iztuetak beti Zaldibiako, Zaldibiatik idazten zuen.
Soraluze edo Plaentzia?
Euskal Herrian arrunta izan da erregeak herri bati hiri-gutuna ematean izena aldatzea eta 'komertzialagoa' zen bat jartzea, sarritan gaztelaniazkoa. Esaterako Villarreal, Villafranca edo Segura. Gure kasu honetan modako izena Placentia zen. Oso modakoa zelako bi herriri eman zioten izendapen hori Euskal Herrian, Soraluze eta Plentziari. Tradizionalki esan da izena latineko placeat-tik (plazer) datorrela, baina azalpen hau ez da erabat zuzena. Litekeena da izen hau hartzean ez izatea latineko esaldia gogoan, Italiako Plasencia hiria (gaur egun Piacenza) baizik. Erregeak Soraluze eta Erlaegi izeneko lekuetan sortu zuen, baina Garibai historialariak horren berri ematean okertu bide zen eta Erlaibi izena idatzi zuen. Badirudi idazle handi honen hutsa izan zela, dokumentazioan ez baita Erlaegi besterik ageri. Izen berriak aurrekoak baztertu zituen baina XX. mendearen hasieran euskaltzaletasuna piztean, hemen ere beste hainbat lekutan bezala, jatorrizko izena berreskuratzeko saioa egin zen, ahoz erabiltzen zen Plaentzia (egun Plaentzi) baztertuta. Izen zaharra berreskuratzea ez da Euskal Herrian bakarrik gertatu eta Italian, esaterako, arrunta izan da. Baina hurbilago dugu Murviedro hiriaren kasua 1868an bi mila urte pasa eta gero Sagunto izena berreskuratu zuena. Ternuan ere bada Pasentia izeneko hiria, euskal arrantzaleek sortu zutena.
Segura, Villafranca eta Villarreal
Euskal Herriaren erdi-erdian eta euskara nagusi den inguru batean erdal etimoa duten izenak agertzea ulergaitza izan da jendearentzat, bereziki jatorrizko izendapena agertzen ez zenetan. Horregatik, inoiz hauei euskal etimoa bilatu nahi izan zaie. Baina gauzak sinpleagoak dira. Erregeek hiri bat sortzean, edo lehenago bazen herri bati izen berria ematean propaganda egin nahi zuten izen polit eta salgarriak emanez. Mende batzuk beranduago hondartzen bazterretako etxegileek gauza bera egin zuten urbanizazio berriak izendatzean (Paraiso del Sol, Miami playa...). Segura izenaren kasuan ez da aurreko izenik agertzen, agian ez zegoelako herririk, eta Penintsulan jadanik bazen izen bat jarri zitzaion; izan ere, Badajoz, Caceres, Jaen eta Teruelen baitaude Segura izenekoak. Hala ere, esan behar da errege haiek ez zutela gauza berririk asmatu eta horrelako izenak ematea aspaldiko ohitura zela munduan. Horren adibide dugu Tebas herria Nafarroan, Noain ondoan, gurean eta antzekoak urrunago, esaterako Groenlandia (lurralde berdea) vikingo batek jendea bertara joan zedin konbentzitzeko sortua edo grekoek Italian sortu zuten Poseidonia (Poseidonen hiria, gaur egun Paestum) .
Idiazabal
Munduan ezaguna da Gipuzkoako herri hau bere izena daraman gazta bikainarengatik, baina irudi duena baino ilunagoa da izenaren esanahia. Herriaren lehenengo aipua 1199koa da. Orduko dokumentu batean Iviazaval irakurtzen da. Geroago, XIV. mendean Segurarekin batzean egungo idazkera, Idiazabal, ageri da eta orduz geroztik ez da aldatu. Bi izan dira izen honen azalpenak, lehenengo eta behin ihidi, hots, ihi landarea dagoen lekua eta zabal adjektiboa. Hau da esanahirik hedatuena, Mitxelenak bildu baitzuen bere lanean. Horrekin batera, ira landare izenarekin lotura duena ere eman da, arruntak baitira osagai hau daukaten izenak Euskal Herrian: Iratxe, Irati, Iratzagorria... Baina bada hirugarren teoria bat. Inguruko euskaran -r- eta -d- soinuak nahasi egiten ziren eta, horren ondorioz, Gaztañari modukoak erabili izan dira. Hau gogoan izanda pentsa genezake 1199an ageri den izena Iriazabal dela eta oinarrian ez dagoela ira edo ihi landarea, hiri izena baizik.
Antzuola eta Mutiloa
Gure herrian leku askotan topatzen ditugu ola (olha ekialdean) hitza duten lekuak, batzuk gainera aspaldidanik dokumentatuak, Barrundiako Zuhatzola bezala. Hitz hau edozein euskaldunentzat da ulergarria, burdina lantzeko lekua edo zentzu zabalagoan fabrika. Baina toponimian ol(h)a hitzak baditu bi adiera dira nagusi: etxola eta kortabaso. Gure kasu honetan, beraz, ez dukegu burdinola adiera, etxola baizik. Eta hasierako zer ote? Itxuraz antzu hitza dugu baina gogoratu behar da antxuola hitz arrunta dela, edo izan dela, Gipuzkoan, eta ardi gazteak biltzeko etxolari esaten zaiola. Zail da, beraz herri izen honen atzean zer dagoen jakitea. Mutiloa izenaren kasuan, berriz, itxura zailagoa badu ere, errazagoa da azaltzen eta Nafarroako izenkideetan bezala mutil hitz arrunta eta ola ditugu. Euskaraz -l amaiera zuten hitzetan ola gehitzean tarteko bigarren -l- desagertzen zen ahoskera errazteko: Mutilola>Mutiloa. Gogoratu behar da Nafarroan horrela deituriko herri bi egon direla gaztelaniaz Mutilva alta eta baja moduan ofizialak izan direnak, oraintsu bat egin dute eta.
Aizkorri
Mendi ezagunik baldin bada Gipuzkoan, hori Aizkorri da. Ezguna izateaz gain zapalduena izan daiteke Euskal Herriko mendien artean. Hala ere, jende askok galdetzen dio bere buruari nola den posiblea gorri deitzea kare harri zurizkoa den mendi hau. Uste oker hau ez da berria eta 1806an egin zen Geografia Hiztegian bertan esaten da izenak peña roxa o bermexa esan nahi duela. Baina zein da izenaren esanahia haitz gorria ez bada? Kontua da gorria hitzak esangura desberdin bi dituela. Lehenengoa, guztiok ezagutzen dugun kolorea da, bigarrena, batez ere toponimian ageri dena, baina hiztegi arruntean ere darabilgun biluzia da, ez baitugu alferrik 'larru gorritan' esaten inor arroparik gabe dagoenean. Baina itzulpen oker hau ez da bakarra. Bizkaiko Arrigorriaga 1475an Piedras Rojas moduan itzuli zen bertan izandako ustezko gudu batean isuritako odolak harriak gorriz margotu zituelakoan. Beraz, zuhaitz gabeko haitza edo mendi soila dugu Aizkorri, ez mendigorria, igotzeko gorriak ikus ditzakegun arren.
ITURRIA: DIARIO VASCO, 2011-08-19