Joan den astean Espainiako gobernuak tratu txarrei buruzko inkesta baten emaitzak zabaldu zituen. Badakit gutako askok ez dituela horrelakoak aintzat hartzen, iruditzen zaiola askotan gehiago adierazten duela inkesta ordaindu duenaren iritzia galderei erantzun eman diotenena baino.

Bada, kasu horretan, batek pentsa dezake gehiegi dela jendartearen ehuneko bata iritzi horretakoa izatea. Edo, alderantziz, pentsa dezake ehuneko bata kopuru txikia dela, are gehiago, ahalegin askoren fruitua. Bi ikuspuntuak lirateke zuzenak, edalontzia erdi hutsik dagoela uste duenarena edo erdi betea ikusten duenarena.
Zalantzarik gabe, lan handia egin du pertsona askok eta horri esker dute erakundeek gaur ikusten dugun jokaera ekintzailea. Ez ditzagun ahaztu duela gutxiko manifestaldi bakan haiek, emakume mordoxka pankarta baten atzean arazoa publiko zela aldarrikatuz, guztioi zegokigula. Ez dezagun ahaztu, halaber, manifestaldi haiek irrigarriak zirela askorentzat, are laster gobernu buru izango omen den Rajoyrentzat.
Gaur, ordea, ehuneko bata besterik ez omen da tratu txarren azpian gehiegizko maitasuna ikusten duena edo, agian, emakume baten axolagabekeria gizonak eskatzen diona betetzeko orduan. Ez da lorpen kaskarra, nahikoa ez bada ere.
Gehiegi litzateke emakume jipoitu bakarra, gehiegi gizona delako aldamenean duen emakumearen jabe dela uste duen gizon bakarra, gehiegi tratu txarren aurrean ulerkor azaltzen den pertsona bakarra, gizon nahiz emakume, gehiegi jotzaile edo hiltzaile bakarra.
Tratu txarren atzean ez dago maitasun izpirik ez gaixotasunik. Edo, behintzat, halakoaren gaixotasuna ez da fisikoa ez psikologikoa, ideologikoa baizik. Eta ideologia horren kontra bildu behar ditugu indarrak, jakinda ere emakumeak bazter-tzeko prest dauden gizon guztiak ez direla kolpatzaileak, ezta joera hori ulertzen duten emakumeak etsaiak.
Baina gizon eta emakumeon arteko berdintasunaren kontrako salda horretan egosten dira tratu txarrak, hor biltzen dituzte indarrak eta gorrotoak aldamenekoa menpeko nahi duten gizonak, hor lortzen dute batzuen barkazioa.
ITURRIA: DIARIO VASCO, 2001-08-08