"AZKOITIA" DA IZENA, BAINA "GURE AZKOITI HONETAN" ESAN BEHAR

Herri izen askok berezkoa dute amaierako -a hori: Ainhoa (L), Aintzila (NB), Arraia (A), Donostia (G), Garaioa (NG), Zierbena (B), Zühara (Z)... Izen horiek, bokalez amaitutako beste edozein izenen moduan deklinatuko dira: Ainhoatik, Aintzilara, Arraiarantz, Donostiako, Garaioatik, Zierbenaz, Züharan.

Beste herri izen askotan, ordea, amaierako -a hori ez da berezkoa, artikulua baizik. Kasu hauek, hain zuzen ere, Euskaltzaindiaren izendegietan -a ohar argigarriaz ageri dira, esaterako: Abaurrepea (-a) (NG), Azkoitia (-a) (G), Azpeitia (-a) (G), Ermua (-a) (B), Ospitalepea (-a) (Z), Zigoitia (-a) (A).

Azkeneko -a hori artikulua denez gero, honela erabili behar da: Abaurrepean, Azpeitian, Azkoitiarekin, Ermuan, Ospitalepearekin, Zigoitian..., baina Abaurrepera, Azkoitiko, Azpeititik, Ermuko, Ospitalepetik, Zigoitira...

Era berean, izen hauek azken -a galtzen dute ondoan beste determinatzaile bat edo adjektiboa daramatenean, adibidez: Abaurrepe maitea, Azkoiti osoan, gure Ermu hau...

Bestalde, bi herrik edo gehiagok administrazio elkarte bat osatzen dutenean, bi izenak beti marratxo (-) baten bidez bereiziko dira, izendegi, zerrenda, seinale eta abarretan: Arratzua-Ubarrundia (A), Beintza-Labaien (NG), Ezkio-Itsaso (G), Gamiz-Fika (B), Labetze-Bizkai (NB), Maule-Lextarre (Z)...

Erabilera arruntean deklinabide--marka azken izenari jarriko zaio: «Arratzua-Ubarrundian bizi da nire laguna»; «Pagadi horiek Beintza-Labaienenak dira»; «Ezkio-Itsasoko Udalak halaxe erabaki du»...
Jakina denez, herri-izen batzuk errepikau egiten dira gure geografian zehar, hala nola Bastida (A eta BN), Getaria (G eta L), Jatsu (L eta NB) eta Lekunberri (NG eta NB). Akademiak dioenez, «testuingurua behar bezain argia ez denean, herri hori izenkidea den beste batekin nahas litekeelako, herri izenaren ondotik, dagokion ibar edo eskualdearena jarriko da argigarri: Bastida Arberoa, Getaria Gipuzkoa, Jatsu Lapurdi, Lekunberri Larraun...