GRADUONDOKO ESKAINTZA AURKEZTEKO MASTER ASTEA EGINGO DU EHU-K



Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Master Astea ospatuko du bihartik hasita ostegunera, martxoaren 21ean, 22an eta 23an, aurreko edizioetako arrakasta ikusita, eta graduondokoen eskaintza "zabala eta aberatsa" aurkeztuko du bertan. EHUk jakinarazi duenez, "aukera paregabea" izango da informazio zuzena jasotzeko programen arduradunen, irakasleen eta aurreko urteetako egresatuen ahotik.

Master Astea Arabako campusean izango da asteartean (Lascaray Ikergunean), Gipuzkoako campusean asteazkenean (Carlos Santamaria zentroan) eta Bilboko Bizkaia Aretoan ostegunean. Aurreko edizioetan 1.500dik gora lagunek parte hartu zuten, EHUk jakinarazi duenez.

"Etorkizuna hobetu nahi dutenek graduondoko batean prestakuntza aparta jasoz kalitateko irakasleekin eta profesional espezializatuekin modua izango dute EHUn eskaintzen diren aukera guztiak ezagutzeko", adierazi du.

Aurreko urteetan bezala, 115 master ofizialak, berezko tituluak (jardun profesionalari begira dauden espezializazio handiko tituluak; unibertsitateak 30 baino gehiago eskaintzen ditu) eta 65 doktorego programak aurkeztuko ditu EHUk. Jakintza arlo guztietan eskaintzen dira graduondokoak: Zientzia Esperimentaletan, Osasun Zientzietan, Ingeniaritza eta Arkitekturan, Gizarte eta Lege Zientzietan, Artean eta Giza Zientzietan.

Ikasketa hauetan, ikasleak harremanetan jartzen dira nazioarteko ikerketa taldeekin, teknologia guneekin, enpresa eta erakundeekin, unibertsitateak 800 hitzarmenetik gora sinatu baititu I+G+B zentroekin, erakundeekin eta enpresekin bere master eta doktorego programetarako.

Jardunaldiaren formatua antzekoa izango da campus guztietan: standak egongo dira master, doktorego programa eta berezko tituluei buruzko informazioa emateko azken mailako ikasleei eta graduondokoen bidez espezializazioa lortu nahi duten tituludunei. Standak 15:30etik 19:30era bitartean egongo dira zabalik Araban eta Gipuzkoan, eta 15:00etatik 19:30era Bizkaian.

Aldi berean, graduondoko tituluen aurkezpenak egingo dira, eta interesa dutenek aukera izango dute titulu bakoitzeko irakasleekin zuzenean berba egiteko eta zalantza guztiak argitzeko. Gainera, aitorpen ekitaldi bat egingo da iazko master ikaslerik onenentzat, eta diploma emango diete Master eta Doktorego Eskolako zuzendariak eta errektorego taldeak.


ITURRIA: DIARIO VASCO, 2017-03-20