Azken bolada honetan, zer esana franko ematen ari da Espainiako Eliza Katolikoaren buruzagitza. Artikulu asko sortarazi du. Horietako batzuk baliatuko ditut gaurko hau moldatzeko.
«Inor ez daiteke izan bi nagusiren morroi. Ez dago zerbitzatzerik, aldi berean, Jainkoa eta dirua (Mt 6,26)». Ebanjelioko zita horrekin hasten da 'Madrilgo Apaizen Foroko' dokumentua. 120ren bat apaiz omen dira. Rouco Varela gogor kritikatzen dute: Botereaz eta diruaz baliatu omen, Munduko Gazteen Jardunaldiko gastu neurrigabeak finantzatzeko. Apaizek uste dute Roucok indar politiko eta ekonomikoekin egin duen paktuak Elizaren irudia leku txarrean uzten duela, eta ahalik gabe geratzen, pobretuen aldeko salaketa profetikoa egiteko.
Pagolaren kasuaz 'La Gaceta' egunkarian datorrena: Iragan politiko nahasia eta fede katoliko susmagarria, abertzaletasunarekiko sinpatia garbia; Setienen gotzaintza-aldi lotsagarri hartan, haren eskuin-eskua.
Baina, Xabier Pikazak, bere blog-ean dioenez, Pagolak ez dauka 'Nihil obstat'en beharrik. Vatikano II.aren ondoren, Paulo VI.ak kendu egin zuen Liburu Debekatuen Indizea. Geroztik, Bibliaren itzulpen ofizialek, liturgi-liburuek eta katixima (dotrina) ofizialek bakarrik behar dute baimena. Gertatzen dena da argitaletxeak behar duela.
Setienen hitzak ere argigarriak dira: «Doktrinarako Gotzain Batzordeak ez dauka aginpiderik Pagolak dioena ortodoxiaren kontra dagoen ala ez erabakitzeko».
Hala ere, Joxe Arregiren artikulua da luzeena, ironiko eta zorrotzena. Dena zaila da, baina esaldi bat edo beste gogoratu nahi nuke: «Doktrina Batzordeko gotzain jaunok, zuentzat doktrina, baina itzul iezaguzue ebanjelioa, Jainkoaren eta kreatura guztien amoreagatik. Doktrina da beraiena; ez kendu, ea hurrena! ezer gabe geratzen diren! Ortodoxiaren jabeak (...) izango zarete, baina ez ebanjelioaren jabeak, ez askatasunaren eta kontsolamenduaren jabeak».
ITURRIA: DIARIO VASCO, 2011-07-07