AITA BAINA AITAGO


Hau da, aitaren eguna dela eta, Arantza Urretabizkaiak EL DIARIO VASCO-n idatzitako artikulua.


Hemeretzigarren mendean aitaren definizio bat abiapuntutzat hartuko bagenu, ikusiko genuke zerikusi gutxi duela gaur aita hitzak adierazten duenarekin. Antzeko desberdintasuna aurkitu genuke hogeigarren mendearen lehen erdia konpara puntutzat hartuta. Agian, berdinago lirateke hiru une horietako amak, amaren paperak aldaketa handia izan badu ere. Dudarik gabe, gaurko aita arrunta inoiz baino aitago da, sekula santan aita batek egin ez dituen gauzak egiten ditu seme-alabekiko. Aita arrunta, eta ez bakarrik abangoardia aurreratu eta murritz baten kidea.

Oraintsu arte haurrak amaren kargu egon izan dira, ia guztiz. Garbitu, oihalak aldatu, erantzi, jantzi, sendagilearengana lagundu, laztandu eta beste hamaika zeregin amarenak ziren, ia salbuespenik gabe. Aita han zegoen, haurraren azaletik urrun. Noizean behin, muxu bat eman ziezaiokeen umeari, beti ere umea koskortu baino lehen eta okasioak hala eskatuta. Hori eta aitaren eskua kalean umearena heltzen ziren haietako aita batengandik espero zitekeen maitasun keinu esplizitu bakarra.

Hor bukatzen zen orain helduak garenontzat aitaren azalarekin genuen tratu guztia. Gaur egun, berriz, etxe askotan (gehienetan seguru aski) laburtu egin da erabat aitaren eta haurraren arteko distantzia fisikoa, haurraren eta aitaren azala adiskide bilakatu dira, hurbil, jaiotzetik bertatik.

Aitonengana ere heldu da aldaketa hori. Ugariak dira gure artean seme-alabekin ez, baina bilobekin azalen arteko hurbiltasunaren pozak deskubritu dituzten edadeko gizonak. Kalean ikusten ditugu, eskolaren atarian, parkeetan, haur kotxea trebetasunez bultzatzen. Ez zituzten seme-alaben kotxeak bultzatu, baina bilobenak bai, eta esperientzia gustatu egin zaie, aurpegian erakusten duten irribarreak gezurrik ez badio behintzat.

Dudarik gabe, gizonezkoek asko irabazi dute aldaketa horrekin. Ez beraiek bakarrik, ordea. Aitak aitago bilakatu diren neurri berean irabazi dute amek eta batez ere seme-alabek. Horregatik pentsa dezakegu jokaera ez dela ahulduko. Alderantziz, sendotu egingo dela denborak aurrera egin ahala, oraindik pausoa eman ez dutenek jokaera horrekin bat egiterakoan.

Goiz da aldaketa sakon eta berri horren ondorioak aztertu ahal izateko, baina jakin badakigu aitaren azalaz gozatu duten haurrak guk baino heziketa sentimental hobea jaso dutela, aberatsago direla haurtzarotik.