'HIL' ETA 'AKABATU'REN ESPARRUA (Rufino Iraola)


Askok diote euskara, dudarik gabe, hizkuntza aberatsa dela testuinguru sozio-kultural jakin batzuetan. Gure hizkuntza aberatsa dela esateak nik ez dakit, garbi, zer esan nahi duen, iruditzen zaidalako hizkuntza guztiak direla aberatsak. Eta aberasten dira erabilpenari esker. Bernardo Atxagak esan ohi duen eran, hizkuntza da erabili eta kamusten ez den erreminta bakarra; alderantziz baizik, zorroztu egiten da. Beraz, ez izan euskara barra-barra erabiltzeko beldurrik!

Ohar hori oso ondo letorkieke Berasaluze eta Apraiz pilotariei; aurreko igandean partida irabazi zuten, baina ez euskara erabilita; Gernikako erdaran ematen zizkion konsignak handiak txikari. Eskubide osoz, noski. Hala ere, pentsatu nuen: «Euzkitze, zertan egiten duk leher gaizto euskaraz nahiko justu moldatzen diren pilotariei hitzak atera ezinik, gero, ongi dakitenek erdaraz egiten badute?». Errioxan Merino II.ari Txapeldun ipini ziotela eta, poztu egin hintzen, geu ere bai, baina ez al hintzen tristetu igandean Eibarren?

Jarrai dezadan. Esango nuke hizkuntza bat, aberatsa baino areago, matizatzailea dela. Begiratu, adibidez, 'hil' eta 'akabatu' hitzen esparru sematikoari. Pertsona ez da 'akabatzen', 'hil' egiten da. Bere kasa hiltzen denean «hil egin da» esango dugu. Norbaitek beste norbait hiltzen duenean, berriz, «hil egin du». Beraz, aditz sistema aldatzea aski da diferentzia markatzeko.

Animaliekin alderantziz gertatzen da: heriotza bere kasakoa denean 'akabatu' egiten da. Nahiz eta heriotza probokatua izan, baina okela aprobetxatzeko ez bada, orduan ere gizakiak animalia 'akabatu' egin du. Animalia okeletarako baldin bada, ordea, 'hil' egiten dugu.

Norbaitekin zeharo haserretzen garenean eta amorruz mintzatzen bagatzaizkio, esango diogu «jo eta akabatu egingo haut», eta ez «jo eta hil egingo haut». Batzuetan, 'akabatu' esan ordez 'garbitu' esan ohi dugu: «jo eta garbitu egingo haut». Pertsona akzidentean 'hil' egiten da; ohean ere 'hil' egiten da. Baina suizidatzen denean, «bere burua hiltzen du». Lehen esan dugun bezala, aditz sistema aldatzea (da/du) nahikoa da garbi matizatzeko. Eta atentatuetan joaten zaizkigunekin nola portatzen da gure hizkuntza? Hilketaren kontra dagoenak, inolako zalantzarik gabe, esango du «atentatuan hil dute»; atentatua justifikatu edo ulertzen dutela diotenek esango dute «atentatuan hil da».

Kasu horretan, hizkuntza, ez matizatzailea bakarrik, salatzailea ere bada. Eta hori oso ondo dago.
Iturria: Rufino Iraola. DIARIO VASCO, 2011-01-27